2. ibilbidea
Industria eta itsasadarra "botxoan "

Botxo: Bilboko Hiriari ematen zaion izen herritarra, bere "zulo" egoera dela eta, mendien artean harrapatua egoteagatik.

2. zatia_ XX. MENDEKO INDUSTRIA-ARKITEKTURA

3 km-ko ibilbidea

Hemendik abiatu eta ibilbidean zehar industria-pabiloiak eta -nabeak ikusi ahal izango dituzu 2 ibilbideri esker, bietako bat aukeratu beharko duzu, ordea:

  1. Itsasadarraren paretik ertz honetan jarraitzea erabakiz gero, ibilbidea oinezkoentzako ibiltoki batetik doa zatirik handienean. Ikuspegi handiagoko eta xehetasun txikiagoko ibilbidea da, baina Bilbon ibilbide alternatiboa egiteko aukera izango dugu.
  2. Beste aldeko ertzetik joatea erabakiz gero, eraikinak zehaztasun handiagoz ikusiko dituzu, baina Bilbora itzultzeko, lehengo bide bera erabili beharko duzu.

Gida honi jarraitzeko, hartu 1. ibilbidea, Itsas Museotik igarotzen dena. Museo honek bere ondarezko eduki asko ontziolaren garai bateko 2. dikean ditu, eta oso modu didaktikoan azaltzen dute hiribilduak mendeetan zehar itsasoarekin izan duen lotura.

Itsas Museoa
Etorkizuneko auzoa

Olabeaga auzorantz joango gara (Bokalerainoko ibilbidea - gaztelaniaz). Hemengo biztanlerik gehienek itsasoarekin zerikusia zuen lanen bat zuten (itsasontziak egiten zituzten, marinelak ziren, zamaketariak...). Gaur egun, zamalanetarako eta lan hauetako gainerako azpiegitura guztiak desagertu dira.

Ondarezko elementurik nagusienak beste aldeko ertzean daude. Deustuko auzoaren ibai ertza zen, 60ko hamarkadan pabilioien eta etxebizitzen atzealdean ubide handi bat egin zen arte; horren ondorioz, eremu hau istmo bat balitz bezala utzi zuten, baina uharte bihurtuko da denborarekin.

Auzo berria Hiriko sormenezko industriak batzeko prest dago

Lursail hauetan egingo da Bilbok XXI. menderako duen hurrengo apustu handia; bizitokiak, balio erantsi handiko enpresen egoitzak eta gizarte ekipamenduak egin nahi ditu Zaha Hadid arkitektoak planteatutako proiektuaren arabera; proiektu honek industria-eraikin adierazkorrenak mantendu egiten ditu.

Gaur egun ia erorian edo ahurri egoeran dauden eraikinak dira edo bertan zeuden eraikinak bota ondoren hutsik dauden orubeak. Inguru honetan egin nahi den birmoldaketa fase honetan, Deustuko Erribera esaten zaion auzoan jarduerak eta proiektu artistikoak egiten dira oraindik ere zutik dauden pabiloi askotan.

Olabeaga auzora igarotakoan, Zorrotza auzoarekin lotzen duen ibai ertzeko oinezkoen ibilbidea hartuko dugu.

Zorrotzaurre

Coromina Industrial
COROMINA INDUSTRIAL

Lehenengo erreferentzia eskuineko ertzean dago, Olabeagako ibilbide longitudinalaren erdi aldera, gutxi gorabehera. Coromina Industrial lantegia da, 1923koa (6).

Madaleno edo
Yandiola jauregia
Garai batean izan zituen 8 pabilioietatik gaur egun aurrealdeko eraikina besterik ez dago; hor egon ziren zaintzailearen etxebizitza, bulegoak, kortak... Aurrealdean friso dotorea du Manuel Mª de Smith arkitektoaren proiektuaren arabera eginda. Eraikin bateratua da; atezaina, arduradunaren etxebizitza lehenengo solairuan eta patio laukizuzen baten inguruan lantegiak ditu. Patioa adreiluz, emokaduraz eta azulejuz eginda dago, erreferentzia estilistiko sezesionistekin.

Karbono dioxidoa eta anhidrido sulfurosoa egiten ziren eta 1983ko uholdeek kaltetu zuten arte lanean aritu zen. Gaur egun Vicinay kate-enpresarena da.

Artiachen pabilioietara iritsi aurretik, Madaleno edo Yandiola jauregia dago, 1898an eraiki zuten Sestaoko Aurrera enpresako jabeek. Zazpi Kaleetan jende gehiegi bizi zela eta, burgesia handik joaten hasi zen eta jauregiak egin zituzten inguruan Getxora joan aurretik. Gaur egun jauregi haietako gutxi geratzen dira, baina hau dugu adibideetako bat.

ARTIACH

Olabeaga auzoa igaro eta 300 metrora Galletas Artiach (gaztelaniaz) multzoa dugu, 3 eraikinek osatzen duten multzo ikusgarria (7). Lantegia 1921az geroztik hemen dagoen arren, eta galleta fabrika izateko egin zen Estatuko lehenengo eraikina den arren, 1931ko sute baten ondoren lantegi berria egin behar izan zen.

Multzorik interesgarriena 1937an estilo klasizistan eraikitakoa da, eta "eliza" ere esaten zaio toskanar zutabeak, arkuak eta zurezko ate handi bat dituelako, enpresaren aurkezpen gisa. Lehenengo bi solairuak lengoaia klasizista erabiliaz egindakoak dira, eta 1965ean eraiki ziren goiko solairuetako estilo moderno soil eta konbentzionalarekin kontrastean daude. Inguruetako eraikinetatik babestuta eta banatuta dago boluta handien bidez eta lantegirako sarreraren aurrean plaza txiki bat eratzen dute.

Fabrika handi eta luzea itsasadarrarekiko perpendikularra da, aurrealdea batez ere itsua da, baina bere lau solairuetako bakoitzean 96 leiho txiki ditu.

Bi bolumenak José Artiach Garate ingeniariak diseinatu zituen, jabeen familiako kidea baitzen. Beste aldean aro modernoko (50eko hamarkadako) zabalgunea dago; alde honetan eraikin artikulatu bat dago adreilu gorrizko plaketez estalita eta dorre moduko bolumen nabarmenago bat ere badu.

Artiach-ek bere ingurua kanela usainaz betetzen zuen

Instalazio hauetan 800 lagun aritzen ziren lanean 70eko hamarkadan; horietako 600 emakumeak ziren eta "galletera" goitizenaz ezagutzen ziren. Industria arloko usainak nagusi ziren inguru honetan, kanela usain gozoz betetzen zituen bazterrak.

1983ko uholdeen ondorioz, Bizkaia barnealdean dagoen lantegi berri batera igaro zen lana, eta eraikin honetan hainbat lantegi eta enpresa geratu ziren. Inguru hau birgaitzen denean, konplexu hau mantendu eta Kulturarako Gunea egitekotan dira.

Remolcadores Ibaizabalen ur biltegia
REMOLCADORES IBAIZABAL KONPAINIAREN UR BILTEGIA

Gu gauden ertzean dago Urgozo (8) izeneko ur biltegi hau; edateko uraren biltegi honek inguruko iturri batetik zetozen 1.800 m3 ur biltegiratzen zituen eta hasiera batean, kobrezko meategi baten galerian biltzen zen ur hori. 1921ean eraiki zen Gregorio Ibarrecheren proiektuari jarraiki eta ur gozoz hornitzen zituen nahi zuten itsasontzi guztiak, Auntz atoiontziaren bidez; agur egun Itsas Museoko dikeetan ikus daiteke atoiontzi hori. Bere hasierako itxurari dagokionez, etxebizitza eta bere ondoan zegoen biltegia ez daude gaur egun, bere funtzioa amaitu zutenean bota egin baitziren 90eko hamarkadan.

BETA eraikina
+ historia
BETA 1 ETA BETA 2 ERAIKINA

Etxebizitzak eta industriak jarraian dauden aurrealde batean sartua (9) 1951eko eraikin hau ingurua birgaitzeko planetan mantentzea erabaki da Bideo-jokoaren unibertsitatea - DIGIPEN (BETA 1) eta AS FABRICK Proiektua - Zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren ekimena - (BETA 2) izan dadin.

Enpresa honek estanpazioak egiten zituen metal hotzean Bizkaiko beste udalerri batera joan zen arte; beheko solairuaz gain beste bi solairu ditu ekoizpenerako eta etxebizitzen solairu bat goi-goian. Albo batean dorre bat du, solairu guztiak baino garaiagoa, eta hor dago eskailera; atzealdean, aldiz, eranskin bat atxiki zaio lerro hautsian.

Cromoduro
CROMODURO

Litekeena da enpresa honen arrastorik ez izatea ibilbidea hastean (10). Gaur egun zaintzailearen bulegoa besterik ez dago zutik, eta elementu plastikoak egiten zituen enpresaren garai bateko bulegoen aztarna besterik ez dago alboko orube batean. Lehenengoa zur-enpresa batena zen eta Manuel Galíndezek mendearen hasieran egindako diseinuari zentzua ematen dio, elementu hau, zura, oso erabili baitzuen eraikin honetan eta 800 m aurrerago dagoen Maderas Españolas enpresan. Gaur egun askoz hobeto dago azkeneko enpresa hau.

Garai bateko bulegoak 2010era arte martxan egon ziren eta Juan de Madariagak egin zituen 1969an. 1970 aldera industria-arkitekturaren beste kontzeptu bat sortu zen eta kontzeptu horren arabera egindakoak ziren bulego hauek. Bi solairuko eraikin adierazgarria zen. Egiturazko bi lerro indartsu zituen egitura metaliko batek eusten zion lehen forjatuari eta estaliari; bi lerro horien artean aurrealdea zegoen, atzerago eta beiraz estalia erabat. Estilo hori are gehiago nabarmentzen zuen kanpoko errotuluak, oso tipografia interesgarriarekin egina baitzegoen.

Lancor eta Consonni
LANCOR ETA CONSONNI

50eko hamarkadako arkitektura ulertzeko bi modu (11).

Elkarren ondoan dauden arren, lehenengo Termoelectricidad Consonniren (gaztelaniaz) pabilioia dago, erresistentzia elektrikoak egiten ziren tokia. 1957ko pabilioi eder honek beheko solairuaz gain beste bi solairu ere baditu; bi solairu ordenatu, luze eta dotore hauek beirazko aurrealdea dute. Etorkizunean Teknika eta Industria Museoa jartzeko aukera dago hemen, eta eraikin honetara ekarriko lirateke Bizkaian berreskuratutako ondare higigarriko industria-funts garrantzitsuak.

Lantegi ukitu handiko patio-korridore estu batek banatzen ditu Consonni eta Elorriaga Industrias Eléctricas (Lancor). 1958ko multzo honek garapen bertikala du, beheko solairuaz gain beste lau solairu ditu, denak hormigoi armatuzkoak eta adreilu marroi iluneko plaketekin estaliak; leiho eta horma proportzio oso orekatua du eta aurrealdeko eskaileren kaxa elementu ikonikoa da. 2000. urtean utzi zen.

MEFESA
MEFESA

Ehun metro aurrerago gu gabiltzan ertzetik ikus daitekeen azkeneko industria-multzoa daukagu (12). MEFESA metalurgia da, industria-gune honen aurrealdea itsasadarrari begira dago eta 1962an Luis Mª Ganak diseinatutako bulegoen eraikina ikusi daiteke oraindik ere.

Oso interesgarria espazioa antolatzeko duen moduagatik, aurrealdeak hiru garaiera ditu eta leihoak hormigoizko zutabez inguratuta daude, aurrealdeak beirazko plakez jantzita egoteaz gain.

Garaiko irizpide estilistikoen araberako konposizio bikaina, nazioarteko abangoardiaren ukituak zituen eraikinak; ekoizpen zentroa atzean zuen industria arloko lekuko indartsu legez. Bulegoen eraikinean dago logotipoa ere, diamante bat, eta logotipo horren atzean laborategiak eta prozesamendu kimikoen dorrea daude; dorre garaia zen eta "arkitekturako zedarria" izan zen. Barrualdean upelak eta karga-jasogailuak zeuden metalak tratatzeko; "eraikin-makina bat da, industria-egitura".

Maderas Españolas (13)
Panela (kokapena)

Alfontso Churrucaren kaitik egiten ari garen ibili honetan garai bateko zamatzeko tokien hondarrak eta inguruari eta bertako industria-instalazioei buruzko panel batzuk daude. Baina oinezkoentzako ibilbidearen amaieran eta lehenengo industria-instalazioaren inguruan, ibilbide honetako harribitxia dugu: Molinos Vascos eraikina, gaur egun erabat utzia.

Electra del Nervión
ELECTRA DEL NERVIÓN

Irin-lantegira iritsi aurretik galbanizatutako txapaz inguratutako industria-instalazio batzuk daude. Electra del Nervión (14) delakoaren pabilioiak dira, 1894ean Bilbon sortu zen lehenengo zentral termikoa zen, itsasadarraren bi aldeetako biztanleei argia ekarri ziena.

Egungo estali arruntaren azpian daude jatorrizko instalazioak eta oraindik ere ikus daitezke habearteen formen azpian eta kanpoaldera dauden baoetan: puntu erdiko arkuak, adreiluz egindako grekak... Oraindik ere zutik dauden pabilioiak Bilboko itsasadarreko industria-eraikin antzinakoenak dira eta zutik dagoen lantegi "katedralaren" ale bakarrenetako batzuk. Jatorrian 3 pabilioi ziren, galderen eraikin bat 63 m-ko garaiera zuen tximinia batekin (tximinia hori jada botata dago) eta transformadoreen gela bat.

Molinos Vascos
MOLINOS VASCOS

Aurrekoaren ondoan dago Molinos Vascos. Federico Ugaldek egina 1924ean (15), arkitektura neoeuskaldunaren proposamen estetikoei jarraitu zien eta Bilbon hormigoiz egin zen bigarren eraikina izan zen, aurrez beste irin-lantegi bat egin baitzen hormigoiz: La Ceres (1. ibilbidea).

Eraikin nagusiak eskuadran dauden bi gorputz ditu eta 1.000 m2 inguruko oina du, horietatik 600 biltegiari dagozkio eta gainerakoak siloei. Aurrealde nagusia itsasadarrari begira dago eta kargatzeko kaiaren eta garai bateko trenbidearen paraleloan dago. Biltegiari dagokion zatiak bost solairu ditu, espazio diafano handiak eta estilo neoeuskalduneko estalia; multzo berezia da.

Dena dela, eraikin honen ezaugarririk esanguratsuenak 22 metroko 15 siloak dira, eta bakoitzak 75 tona ale biltegiratzeko gaitasuna du.

Irin-lantegiak 5 urte baino ez zuen iraun, bitxia den arren; hain zuzen ere, zereal gutxi zegoen garaian eta 1929ko krisian. Behin betiko utzi aurretik eta egungo itxurak adierazten duen legez, biltegi bezala erabili zen eraikina. Lantegia eraikitzeko, Zorrotzako Errege Ontziolaren instalazioak berrerabili ziren; ontziola hau Kantauri itsasertzeko nagusienetakoa zen eta 1615az geroztik zebilen. Garai bateko ontziola harena da La Cordelería izeneko eraikina, XVII. mendearen amaierakoa; eraikin honetan itsasontzientzako sokak egiten ziren kalamua txirikordatu eta irunda.

Bere burualdeetako baten hondar apur batzuk baino ez daude gaur egun, baina jatorrizko eraikina 400 m baino gehiago zen luzean, eta bi solairu zituen kalamua irun eta ontzietarako sokak txirikordatzeko.

Zorrotzara itzultzeko (garraio publikoa hartuta edo oinez itzultzeko Bilbora) garai bateko hiltegiaren ingurutik igaro eta Bilbo-Portugalete trenerako egin zen metalezko zubia ikusi daiteke (16), Pablo Alzolak diseinatua 1888an (sailkatutako kultura-ondarea). Obra hau Kadagua ibaiaren gainean egin da, 65 metroko argia du eta tartean ez da inon oinarritzen. Gaur egun, jatorrizko obrako 2 kaxetako bat mantentzen da.

Zorrotzako Errege Ontziola
Pablo Alzola burdinazko zubia
Itzuli
Jarraitu