2. Zatia_ SESTAO. LANTEGI-HIRIA

4 km-ko ibilbidea

Oinezkoentzako zubiaz bestaldean AHVn funtzionatu zuten lurrunezko makina askoetako bat aurkituko duzu (6).

"La Punta" alderdiaren hasiera aldean enpresa handi bi zeuden kokatuta, hor daude 1885ean sortutako Aurrera galdategiak 1999an utzi zuen orubea eta La Naval ontziolaren lurzoruetan ikusten diren garabi handiak. Enpresa horiek etena egiten zuten Altos Hornos de Vizcaya enpresaren Barakaldoko lantegiaren eta Sestaoko lantegi bien artean.

AHVren lokomotora

ITSASADARREKO AZKEN ONTZIOLA HANDIA

Bilbon Euskalduna desagertu ondoren, La Naval (7) da itsasadarreko azken ontziola handia. Jarduera 1916an hasi zen, 1888an sortutako Astilleros del Nervión enpresaren instalazioetatik abiatuta. Hain zuzen ere, enpresa hori aitzindaria izan zen altzairuko itsasontziak egiten.

BIDEOA: Uretaratzea
Astilleros del Nervión
Ontzigintza (1950era arte)
Ontzigintza (gaur arte)
Beste manufaktura batzuk

Ontziola horren instalazioen artean nabarmentzekoak dira nabeak, Manuel Mª de Smithek diseinatutako bulegoak eta, batez ere, 1 zk.dun dikea. Aldaketa handiak jasan ditu, baina funtsean jatorrizko ontziolarena da. Neurri handiak ditu, zabaleran gutxienez 26 m eta gehienez 35, luzeran 150 m eta sakoneran 10, eta Espainiako itxierako aterik zaharrena dauka. Neurri handi horiekin diseinatu zen, XIX. mendearen amaieran itsasontzi-flota berri baten eskarietarako lehiatzeko moduko instalazioak behar zirelako. Bilbon dagoen ontziolaren, Euskaldunaren kasuan bezala, bere instalazioak beste manufaktura batzuk ere ekoizteko erabili ziren: trenbideetarako material mugikorra, automobilak, garabiak…

Irudi gehiago ikusi

INDUSTRIAREN BEREIZGARRIA: ALTOS HORNOS DE VIZCAYA

Altos Hornos de Vizcaya 1902an sortu zen, lehendik zeuden hiru siderurgia-enpresa bat eginez (Altos Hornos de Bilbao, La Vizcaya eta La Iberia), eta San Francisco lantegia erosi ondoren (1879), XX. mendearen lehen erdiko Estatuko enpresarik garrantzitsuena izatera iritsi zen. 1996an ateak behin betiko itxi zituen, eta Sestaon zeuzkan lurzoruetan gaur egun ArcelorMittal-en instalazioak daude, Bizkaiko Altzairu Fabrika Trinkoa.

AHV: hiru enpresaren bategitea

Altos Hornos Estatuko lur-jabe handietako bat izan zen. Izan ere, meatze-barruti handien titularra zen, eta Espainian beste siderurgia-lantegi batzuen akziodunik handiena izan zen.

1960an, funtzionamenduaren unerik gorenean, 17.000 behargin zeuden lanean. Zona honetan lau ekoizpen-gune handi izan zituen; sortzearen ondorioz aipatu diren hirurak eta laugarren bat, beroan ijeztutako banden ekoizpenerako, Ansio ibarrean 1966an ireki zena, Barakaldoko barrualdeko haranean.

Siderurgia integrala zen, burdin mea altzairuzko produktu erdilandu bihurtzen zuen.

AHVren argazki gehiago:
AHVren bideoak

SIDERURGIA INTEGRALAREN EKOIZPEN-SISTEMA*

Hasiera-hasieratik koke ikatzaz autohornitzeko behar zituen labe bateriak eduki zituen. Ikatz mota askotarikoak ikatz siloetan pilatzen ziren eta, bertatik, tobera batzuen bitartez, ikatza ehotzera eramaten zuten zintetarantz dosifikatzen zen; bertan, errautsak bereizi eta gero, kalitatearen eta jatorriaren arabera sailkatzen zen. Ondoren, ikatz eta hozte dorreetara eramaten zen, zeinak koke baterien gainean zeuden.

Ikatza bateriak hornitzen zituzten "karga-makinetan" kargatzen zen.

Bateriak, berriz, irradiazioaren ondorioz berorik ez galtzeko ilaran jarrita zeuden labeak ziren. Labe bakoitza ondoko gelatxoko gasekin berotzen zen, eta errekuntza elkarren segidan egiten zen, kargaren erdialdean. Errekuntzaren ondorioz sortzen ziren elementu hegazkorrak azpiproduktu kimiko gisa erabiltzen ziren.

Koketze prozesua amaitu eta gero erretorta labetik atera eta kokea azkar eta azaletik hozten zen; horretarako hozte dorre bat zegoen. Ondoren, kokea moztu eta bahetu egiten zen eta, granulometriaren arabera, labe garaietara edo fabrikako atal desberdinetara bideratzen zen.

Amonio-sulfatoaren ekoizpena Q nabean egiten zen eta, horretarako, amonio-urak destilatzeko bi zutabe talde zeuden, zeinetatik bi upel-asegailutara igarotzen zen. Bertan, azidoa astindu eta, lehorgailu elektriko batzuen bidez, sulfato-kristalak eratuz solidotzen zen.

Behin arrabioa lortu eta gero, hurrengo pausoa altzairu bihurtzea zen, eta horretarako labe bihurgailuak erabiltzen ziren. Sortzen zen lingotetik abiatuta, ijezketa trenen bitartez, mota guztietako produktu ijetziak lortzen ziren.

Instalazio horietan gauzatzen zen prozesua honako hau zen: altzairua zali batera isuri eta, garabi batez, lingotontzi ilara baten gainera eramaten zen. Hondoan balbula bat irekitzen zen, eta moldeak betetzen zituen altzairu zorrotada bat irteten zen. Altzairu urtua solidotzen zenean, lingote bihurtzen zen, eta hori zen altzairuaren lehenengo itxura solidoa.

Ondoren, garabi pintzadun batzuen bidez, lingotontziak blokeetatik bereizten ziren. Lingoteak upela erregogor bertikaletan metatzen ziren, zeinetan beren tenperatura handia gordetzen zuten, harik eta erabili behar ziren arte.

Jada ijezketa prozesuan, lingote beroak zilindro birakari indartsuetan zehar pasatzen ziren, zeinek, presioaren bitartez, lingotearen sekzioa murriztu eta luzatu egiten zuten.

Bestalde, egitura trenetan bloom-a ijetzi egiten zen, bai profil astunak egiteko (errailak, zubi, etxe eta itsasontzietarako egiturak...), bai profil komertzialak egiteko.

Bloom-ak lortzeko lingotetik abiatzen ziren marruskatze trenak kontrako zentzuan biratzen ziren bi zilindroz osatuta zeuden: azala ildaskatua zutenez, lingotea hainbat aldiz pasatzen zen zilindroetatik, eta horietako bakoitzean ildo bakoitzetik; ondorioz, pixkanaka sekzioa murriztu egiten zen.

Ijezketatik atera eta gero, bloom-ak neurri jakin batzuetan mozten ziren, lortu nahi zen profilaren arabera, eta, ondoren, egitura trenera eramaten ziren, bertan, pixkanaka, nahi zen profila ematearren.

*Testuak: www.hiru.com


Eraisteko eragiketa handia

80ko hamarkadako erdialdean, galdaketa zuzenaren prozesua erabiltzen hasi zen. Hala, altzairu-fabrika kontzeptu berri bat sortu zen.

Rivas eta Txabarri kaleetan aurrera eginez, gaur egun ArcelorMittal den enpresa horren instalazio handi eta konplexuak imajinatu ahal ditugu. Inguruko udalerriekiko elkarreragin sakona (magal honetan bereziki intentsua zen) ezin hobeto antzematen da kale honetan. Txabarri Sestaoko kale nagusia zen, etxerik bereizgarrienak zeuzkana; kontraesana bazen ere, etxe horiek kutsadurarik handiena jasaten zuten, lantegiaren ondo-ondoan zeudelako.

Kale hartatik 1882an inauguratutako lehenengo odol-motordun trenbidea igarotzen zen Bilbo eta Santurtzi artean, eta 14 urte geroago trakzio elektrikoduna. Bien bitartean, 1888an, Bilbo eta Portugalete arteko trena ireki zen, gaur egun ere ibar horren beheko aldea zeharkatzen duena.

Hain handia zen AHVren eta Sestaoren arteko sinbiosia, non bata eta bestea nahastu egiten ziren

Enpresa handi hark ia-ia azalera osoa hartu zuen zona honetan, eta gainera, hainbat etxe-multzoren sustatzaile izan zen 1965era arte; ikastetxeak, kontsumo-kooperatibak, ospitaleak, aisialdi-guneak, etab. sortu zituen... azken batean, Barakaldoko eta Sestaoko hiri-bilbeak neurri handi batean saturatu zituen azpiegitura bat.

Ondare horren zati bat Sestaotik zehar ibilaldia eginez ikusi ahal dugu. Hala, Txabarri kalean zehar, sorospen-etxe zaharraren (8) paretik igarotzen gara, eta eta 200 m aurrerago, ikastunen eskola (9) zaharra dago, enpresaren anagrama burdinsareetan duela.

Beste hainbat enpresa handitan bezala, eskola hartan ikasketak eta enpresan bertan egindako praktika intentsiboak uztartzen ziren. Hala, konpainia bakoitzaren beharrizanetara egokitzeko zehazki kualifikatutako beharginen belaunaldi osoak prestatzen ziren. Gaur egungo lanbide heziketaren aurrekariak direla esan daiteke.

EKIPAMENDUAK - AHV
Bulegoak
Osasuna eta kontsumoa
Etxebizitzak

Eraikin horren atzean dago, ikusgarriro, 1 zk.dun Labe Garaia, 1959koa (10), han zeuden hiruretatik geratu den bakarra. Birgaitzen ari dira, siderurgiaren interpretazio-gune bihurtzeko.

Labeak ardatz bertikaleko instalazioak ziren. Txapa soldatuzko babes batek estalitako upel batez eta barrutik material erregogorrez estalitako armazoi batez osatuta zeuden.

Instalazioaren altuera osoa 80 m da, eta 18 m-ko diametroa hartzen zuen. Instalazio honek ezaugarri tekniko nagusi hauek zeuzkan: jazenen gainean ezartzea, 6,5 metroko diametroa duen arraoa, 25 metroko barne-altuera, 757 m3-ko barne-bolumen erabilgarria, eta Wurth motako suburu bikoitzeko irenspideak, barneko kargak hobeto banatzeko eta gas-ihesak saihesteko.

Labeak, funtzionatzeko beharrezkoak diren zenbait elementu osagarri ditu. Mugaketa egiterakoan, elementu hauetatik, ondokoak aukeratu dira: hiru labeak eta euren tximiniak, gasa irteteko hodiak eta euren hauts-bereizleak, labea kargatzeko plano inklinatua eta galdaketa-nabea.

1 zk.dun Labe Garaia

Didier motako eta 31 metroko berogailu bakoitzak, 21.247 m2-ko beroketako azalera duen tiro behartua du. Labeak eragindako gasak, binaka jarritako irteera-hodiek jasotzen dituzte. Hodi hauek, arazketa lehorrera eramaten zituen kolektorera doaz, zati bat labeak berotzeko erabiliz. Mineral-, aditibo- eta koke-kargak garraiatzeko, dibidietak bultzatzen zuen bagoneta (skip) erabiltzen zen, aldapan, lurreko zulo batetik labearen goiko zatira arte (irenspidea).

Zepa eta arrabioa jasotzen ziren galdaketa-nabean, bertatik ateratzeko koilara batera jaurtitzeko kanaletan (erretenak), zulatzaile pneumatikoa eta kanoi elektrikoa aurkitzen dira; tresna hauek isurbidea irekitzeko eta ixteko erabiltzen ziren.

HIRIGUNEA

Sestaoko biztanleria muino baten bi isurialdeetan biltzen da. Muino horrek itsasadarra eta Galindo ibaiaren barrualdeko harana bereizten ditu, eta hain zuzen ere haran horretan zeuden beste bi enpresa handi: Babcock&Wilcox, ekipamendu-ondasunetan aritzen zena, eta General Eléctrica, energia-ekipamenduei lotua. Azken enpresa horren jatorrizko nabeak gaur zati batean ABB multinazionalak okupatzen ditu.

General Eléctrica

Aldapa gogorrei aurre egiteko, La Iberia kaleko arrapala mekanikoak erabili ahal dituzu. Kale horrek Txabarri kalea eta muinoaren gailurra lotzen ditu. Goraino helduta, ikusten dugun lehenengo gauza gaur egungo kontserbatorioa (11) da, berdez eta gorri-morez pintatua. Jatorrian, eta 1987ra arte, bertan eskola publiko zaharra zegoen.

1912ko obra da, Santos Zunzuneguirena. Zunzunegui eta Ismael Gorostizaezkerraldeko arkitektoen artean erreferentziak ziren. Bitxikeria gisa, kale honen eta La Iberia kalearen arteko izkinan, herrian gertatutako heriotzen berri emateko ohola ikusten da. Eskualde honetako ohitura deigarria da.

Kalea (udalerriko Bide Nagusia) zeharkatu eta berehala, plaza batera helduko gara. Bertan, Euskadiko lehenengo kontsumo-kooperatiba (12) berrinstalatu zeneko eraikina dago.

Kooperatiba hori La Vizcaya S.A. siderurgiako langileek sortu zuten 1887an, eta 20ko hamarkadan udalerriko goiko aldera lekualdatu zenez, Santos Zunzuneguiren obra ere den eraikin hori egin zuten. Nabarmentzekoa da metalurgiaren estetika imitatzen duten hormigoizko errematxeen erreprodukzioa.

Bide Nagusira itzuliko gara. Bigarren kalean, ezkerretara, (Los Baños kalea) beste bizitegi mota batzuk ezagutuko ditugu, betiere alde honetako industriaren garapenari eta garapen horrek ekarri zuen gorakada demografikoari lotuta.

Bigarren gurutzagunea La Unión kalekoa (13) da. Izenak izkina horretatik aurrera dauden etxe adosatuen multzoa aipatzen du. Hori ere Santos Zunzuneguiren obra da, eta frontiseko zeramikak erakusten duen moduan, 1923 eta 1925 bitartean eraiki zuten.

Etxe-multzo horren beheko aldearen mugakide dugu "La Galana" (14) izenaz ezagutzen den korrala. Eraikin birgaitu honek ezaugarri nabarmen bat dauka: etxebizitza guztiek korridore komun batera begira daukate irteera, eta korridore horretan, garai batean komunak zeuden, izkinetako batean. Lehengo barrakoien eta geroko etxebizitzen artean erdibidean dagoen eredua. Bizkaian, La Galana da XIX. mendearen azken hereneko eraikin mota horren azken testigantza.

Sestao: Gizarte-ekipamenduak
Bizitegi-ekipamenduak

Itsasadarreko ibilbide horrekin aurrera jarraitu aurretik, berriro Bide Nagusira itzultzea gomendatzen dizugu, eta ezkerretara 200 m aurrera egitea (gorantz, aldapa txiki batean), eta kaleak bereizten dituen etxe merkeen beste bi multzo aurkitu. La Protectora eta La Humanitaria (15) gure ibilbidean ikusiko ditugun "etxe merkeen" azken multzoak dira; bi talde horiek 20ko hamarkadan eskualdean bereizgarria zen estilo ingelesa daukate, eta lehenago komentatu den bezala, bertako biztanleen bizi-kalitatean benetako gertaera gogoangarria ekarri zuten, ezaugarri humanistak zeuzkan arkitektura baten gidalerroei jarraituz.

Ibilbidean aurrera goazela, itsasadarreraino jaitsi beharko gara. La Iberia kalearen beheko alderaino jaitsi ahala gara, edo besterik gabe kalez kale jaitsi, Sestao 60ko eta 70eko hamarkadetan Europako dentsitaterik handieneko lekuetako bat izatera eraman zuen hirigintza nahasia intentsitate osoan ikusteko.

La Iberia kalean behera joan, edo Labe Garaiaren ondoan dagoen bidezubitik jo, La Benedictako dartsenara (16) jaitsi behar gara, Altzairu Fabrika Trinkoaren azken zatiaren paretik joateko.

Leku horretan zeuden AHVren amaierako instalazioak, itsasorantz irteteko: mearen zama-lekuak, salgaien eta bidaiaren trenbideak, salgaien itsasontziak, atoiontziak, gabarrak (400 T-ra bitarteko ontziak, eskoria edo ikatza garraiatzeko), betiere gris berunkarak ziren zeruak, labeen ahoak zeruan distiratzen, sekulako kutsadura, akustikoa, hidrikoa nahiz atmosferikoa...

Infernu hurbil baten ikuspegia zen, eta ia-ia mende bat iraun zuen. Milaka laguni ematen zien lana, berriro ere itzuliko ez den okupazio intentsibo batean. Industria-multzo hark itsasadarraren bi ertzak hartzen zituen, eta Bilboren eta Barakaldoren kasuetan, bizilagunei ibai-ibilguetara heltzea eragozten zien. Gaur egun, instalazio horien zati bat Sestao eta Portugalete lotzen dituen pasealeku eroso eta ikusgarri bihurtu da, eta Santurtzi herriraino hedatzen da. Hemendik alde honetako ikono handia antzematen da jada: Bizkaia zubia, funtzionatzen ari diren industria izaerako obren artean UNESCOk Gizateriaren Ondasun gisa 2006an aintzatetsi zuen lehenengoa.

Argazki gehiago ikusi
Itzuli
Jarraitu