Erriberako Merkatuaren aurrez aurre dago auzo hau, ibaiaren beste aldean, eta Bilbo Zaharra esaten zaio, Zazpi Kale historikoei aurkajarriaz.
Erdi Aroan hemendik sartzen zen Bilbotik merkaturatzen zen Gaztelako artilea (gogoan izan atzean dugun Gune Historikora mugatzen zela hiria garai batean); 1300. urtean hiribildu izendatu zutenean hasi zen artilea merkaturatzen eta XVII. mendetik hiriaren konfigurazioan zerikusi handia izan zuten burdinaren meatzariek, asko ziren, aldirietan bizi ziren, oso pilatuta bizi ere eta horrek osasun arazo larriak ekarri zituen.
Marinelen etxebizitza izandakoen hainbat koloretako aurrealdeak eta begiratokiak ikus daitezke, eta hasieran biltegi izan ziren etxepeak ere bai denda eta aisiarako gune bihurtuta.
San Anton zubi historikotik (elizaren ondoan dago, merkatua baino lehenago) igaroko gara alde horretara eta meategietako oroitzapenen munduan sartuko gara.
Zubia gurutzatu orduko, kalearen hasiera-hasieran Bilboko sehaska etxea (8) dago, 1916koa da eta gizarteak eskatzen zituen osasun eta higiene zerbitzu hobeei erantzuteko egin zen. Ricardo Bastidaren diseinuan oinarritutako eraikinak modernismo katalanaren ukitu nabarmena du. Bere ate nagusiaren gainean Errukiaren eskultura bat dago, eta eraikinaren zereginaren berri ematen du.
Claudio Gallastegi kalean gora jarraituko dugu eta eskuinean dagoen bigarren kalean (Olano) sartuko gara. Saralegi plazara (9) iritsiko gara eta hor ikusiko dugu inguru honetan burdina kiskaltzeko egon zen labeetako bat, eskerga; garai batean hainbat labe ziren arren, gaur egun zaharberritutako hau besterik ez dugu.
XIX. eta XX. mendeetan inguruko bizkarretan zeuden meategiak eta tarteko lursail hauetan kokatzen ziren minerala tratatzeko azpiegiturak, itsasontziak kargatu aurretik; ondoren, kargatu itsasontziak eta itsasadarraren bokalean zeuden itsasontzi are handiagoetara eramaten zen karga.
Zaharberritutako labe hau erauzitako mea kiskaltzeko zen, horren bidez puruago bihurtzen zen mea hori, garraiatzeko eta ondoren manipulatzeko.
San Luis meategiaren eraikina zen eta meategi hori 1960an utzi zen; hori gertatu aurretik, ordea, bizkar honetan zeuden Malaesperako eta La Abandonadako barrutiekin eta beste bizkarreko Mina del Morro delakoarekin batera, inguruko burdina-baliabiderik handienak eta onenetakoak zituen, Ortuella, Sopuerta eta Somorrostrokoen ondoren.
Plazaren albo batean dagoen Hiru Zutabe kalea hartu eta San Frantzisko kalera joango gara. 250 metrora Bilboko Berreginen Museoa dago, kale honetako 14. zenbakian. Museoa 1927an ireki zen eta bizkaitar gizarte indartsuaren beste kultura adierazpen bat da. Museoko berreginen balioa kopia horien kalitatean dago (asko lehenengo moldekoak dira), Vatikanoko museoetan, Firenzeko Akademian, Berlingo museoan, Louvrekoan edo Britainiarrean dauden obren berregin zehatzak baitira, besteak beste.
Arkitektura industrialaren zedarrietako bat da
Berriro ere itsasadar aldera jaitsiz gero Mirasol Kondearen kaletik, Mesedeetako Kaia kalera iritsiko gara. Kaia horretako 3. zenbakian dago Las Ceres irin lantegia (10). Hennebique sistema erabiliaz hormigoi armatuaz espainiar estatuan egindako lehenengo eraikina izan zen (1899-1990) eta euskal arkitektura industrialaren zedarrietako bat da; ondorioz, Interes Kulturaleko Ondarea da. 1900an amaitu zen eraikina eta marka guztiak hautsi zituzten, 7 hilabete besterik ez baitzituzten behar izan Ramón Grotta bideetako ingeniari gazteak eta Federico Ugalde arkitektoak. Jatorrian 6 solairu zituen; zaharberritu denean aurrealdeak bere horretan utzi dira eta barruan etxebizitzak egin dira.
Kale horretan bertan, garai bateko Mesedeetako Eliza daukagu, gaur egun desakralizatuta dago eta musika eta arte arloko ekitaldiak antolatzen dira. Bailen kalera iritsi aurretik, eskuinean bizitoki eta bulego ugari ikusi dezakegu ibaira begira; multzo nabarmena eratzen dute eraikin horiek guztiek.
Bailenen ezkerrera hartuko dugu; zati honen hasiera, eskuineko espaloian, horma luze bat dago eta trenbide bat ezkutatzen du. Hormaren amaieran nekazaritza eta elikadurako biltegien kale bat dago; XX. mendeko 30 eta 50 hamarkadan eraiki ziren eta kokapen logistiko paregabea zuten, trenbidea aprobetxatu baitzezaketen portu aldera eta penintsula hegoaldera joateko.
Gaur egun utzita dago toki hau, baina egungo trenbidea lurpean sartzen denean berriro definituko da; dena dela, instalazio nabarmenak daude, balio ikoniko handia dute eta Bilbon izaerarik handiena duen industriaguneetako bat da. Kalearen hasieran eraikin bitxi bat dago, Compañía Vitivinícola de Bodegas Bilbaínas (11) taldearena, eta 1941ean zaharberritua.
San Frantzisko kalera arte joango gara. Kalea izen bereko auzoan dago XIX. mendearen erdira arte hemen egon zen frantziskotarren komentuaren omenez; 1980ko hamarkadara arte hiriaren gaueko bizitzaren gunea izan zen, klubak, kabaretak, zinematografoak... zeuden, gaur egun denak itxita egon arren. Gaur egun kontrastez betetako auzoa da, eta jarduera publiko nabarmenak egiten ari dira kaleek jasan duten narriadurari aurre egiteko. Gizarteko talde guztiekiko izan duen permisibitate handiari jarraituaz, bere kaleetan naturaltasun osoz ikusi daiteke gay giroa, gaueko giroko lokalak, mundu osoko etorkinak edo arte, arropa eta ostalaritza arloko saltoki berritzaileak.
Cantalojas zubia igaro eta Zabalburu plazara iritsitakoan, hartu albo bateko kaleetako bat, Pedro Martínez Artolaren kalea hain zuzen ere, ondoren Irala kalera joateko. Errege Katolikoen parean, hartu ezkerrera.
Ondoko kalearekin (Kirikiño) egiten duen kantoian horma-irudiz inguratutako plaza bat ikusiko duzu. Puntu hau oso egokia da hiriko eta Bizkaiko "etxe merkeen" kontzeptua (hainbeste hedatutako kontzeptua) ulertzeko. Eraikin mota hau hainbat motako kooperatibek sustatu zuten eta enpresek eurek ere bai; XX. mende hasieran ematen ziren laguntza eta onurekin egin ziren horrelako etxe denak.
Irala auzoa garaiko eraikuntza-eragiketa garrantzitsuenetariko bat da Espainian
Irala auzoan (12) zaude, mota honetako arkitektura gehien dagoen tokietako batean. Harino Panadera enpresak eraikitako etxebizitzak dira, Juan José Iralak sortu zuen eta bere izena darama auzoak ere. Federico Ugaldek egin zituen 1905 eta 1917an artean eta egiazko hiri satelite bat sortu zuen, hainbat estilotako 565 etxebizitzarekin (etxadi trinkoak, bloke jarraituak, txalet bakanak –etxebizitza batekoak, bikoak edo laukoak-). Baina denek, estilo oso ingelesarekin, "eguzkia, airea eta ura" printzipioari erantzuten zioten, Europan garai hartan punta-puntan zebiltzan mugimendu higienistek etxebizitza osasuntsuak eskaini nahi baitzizkieten langileei.
Kirikiño eta Errege Katolikoen kalearen kantoian txalet bat ikusi daiteke bere aurrealdea hainbat kolorez zaharberrituta. Kirikiño kalean gora jarraitu eta Urizar kalean behera puntu honetara etorriz gero, hiri txiki honetako beste eraikin mota hainbat ere ikusiko duzu. Auzoko lantegien bihotzera goaz. Irala kale horretan bertan Ugalde izeneko kalea hartuko dugu eta zezen-plaza parera iritsiko gara. Ezkerrera dagoen lehenengoa hartu eta Bilbon ongien zaharberritu den eraikin industriala izango dugu aurrez aurre: Harino Panadera. Garai bateko irin-lantegi hau (13) hormigoiz eraiki zen erabat 1901ean eta 1992an itxi zen; hormigoiaren erabilpen goiztiarra izan zen hemengo hau ere.
Jatorrizko multzo ikusgarritik gaur egun irin-lantegia (gaztelaniaz) besterik ez dugu; denboraren joanari aurre egin dion bakarra bera izan da eta Monumentu Multzo izendatu zuten 2005ean. Barruan makinen ondare ikusgarria dago eta gaur egun udalak erabiltzen du.
Informazio gehiago eta ikustaldiak: bilbaoizan.net