3. Zatia_ PORTUGALETE. ERTZ BIEN BATEGITEA

3 km-ko ibilbidea

1322an, Bilbo baino 22 urte soilik fundatu zen hiribildu horretan nagusi dira Andra Mariaren Basilika (XV. mendekoa), estilo gotikokoa eta Errenazimenduaren eraginarekin, eta Salazar familiaren dorrea (XIV. mendea), biak ere kokaleku berean hirigune historikoaren goiko aldean.

Bi mende haietan Hiribilduak garapen nabarmena izan zuen, baina Bilbok itsasadarreko jarduera monopolizatu zuenean gainbehera hasi zen. XX. mendea hasteaz batera, Portugaletek bi kontzeptu uztartu zituen, beheko kotan bainuetxe-hiria (aurreko ertzean ezaugarri zena), eta goiko kotan bizitegi-dentsitate handia (lehenago bisitatu ditugun industria-udalerrien antzekoa).

Transbordadore-zubirako bidean Galdamesko meategi-trenbidearen harlangaitzezko zama-lekuen hondar eskas batzuk ikusiko ditugu, eta zertxobait aurrerago, portuko pilotuentzako eraikina egon zen lekuan, Rialia-Industriaren Museoa , AHVren jardueraren funtsak eta testigantzak biltzen dituena.

La Canillako pasealekua

Industrializazio arotik, Portugaletek bi monumentu katalogatu gordetzen ditu. Bat, zubi famatua: bestea, Burdin Kaia, itsasadarrak hainbat mendetan nabigatzeko izandako arazoak konpondu zituena. Hori esker, itsasadarra ibilguan gora erauzitako edo manufakturatutako produktuak irteteko autobide handi bilakatu zen.

Hirigunean sartutakoan, hori eta urdin kolore deigarriz pintatutako eraikin batekin topo egingo duzu. La Canilla (17) amaiera-geltokia, Pablo Alzolak 1888an diseinatua. Bilbo-Portugalete trenbidearen amaierako geltoki gisa, 1926an trenak bere ibilbidea Santurtziraino jarraitu aurretik. Gaur egun bertan dago udalerriko turismo bulegoa.

50 metro eskas aurrerago, ertzean oraindik irauten du transbordadore-zubiaren ordezko garraio-sistemak: alde biak lotzen dituzten motordun txalupek.

70eko hamarkadan sistema horrekin gehienez 7 gunetan zeharkatzen zen itsasadarra Bilbo eta Santurtzi bitartean. Gaur egun, hori eta Barakaldon Desertuko dartsenan dagoena bakarrik geratzen dira.

Gainean Udaletxeko plaza dago. Atzean Bustamante Etxea (18) ikus dezakegu. Leonardo Rucabado arkitekto kantabriarrak diseinatu zuen 1910ean, modernismo katalanaren eragin argiarekin.

Plaza beretik, Gran Hotel izenekoa dagoen izkinatik aurrera, ibaiertzeko osterak jarraitzen du, eta hala, txaleten eta luxuzko etxeen askotariko erakustaldia ikusteko aukera izango da.

INDUSTRIA-GIZARTEAREN IKONO HANDIA: AMETSA ALA NEGOZIOA?*

Bizkaia Zubian (19) biak gauzatzen dira. Bidesaridun transbordadore zubia da, ekimen pribatuak 1887 eta 1893 bitartean asmatu, diseinatu eta eraiki zuena. Nerbioi ibaiaren itsasadarraren alde biak lotzen ditu, eta munduan tipologia hori duen lehenengoa da. Itsasadarraren alde bietan bainuetxeak zeuden, XIX. mendearen amaierako industria-burgesiarentzat eta turistentzat, eta horregatik eraiki zen zubia, itsasadarraren alde bi horiek lotzeko beharrizanak bultzatuta.

Alberto de Palacio-k 1887an ezagutu zuen Ferdinand Arnodin kontratista. Frantsesa txundituta geratu zen Palacio-ren proiektuarekin eta berak aurretik erabilitako kable bidezko zubigintzaren teknikak jakinarazi zizkion. Horrenbestez, transbordadore den aldetik, Palacio-ren sorkaria da Bizkaia Zubia, eta esekia den aldetik Arnodin-en emaitza. Zorionez, ametsa eta negozia biak batzen ditu; horregatik da hain zuzen originala eta berritzailea.

Zubia bera bezain berritzailea da hura finantzatzeko erabilitako diru-iturria. Itsasadarren bazterretan dirutza handiak egiten ari ziren une hartan bertan; diru-oparotasun horren jabeak ez ziren ausartu bi ertzak burdinazko zubi batez lotzeko proiektuan esku hartzen, ez meatzaritzako handikiak, ez ontzi-jabe aberatsak, ez bankariak ezta Penintsulako siderurgia-gune handienaren patroi dirudunak ere.

Proiektuaren izaera berritzaileak atzera eragiten die Bilboko finantzen Olinpoan bizi diren handi-mandiei, fidagaiztasuna erakusten dute. Tarte laburreko bidaiari-garraioa ere ez zaie negozio emankorra iruditzen. Baina merkataritza eta industria munduko hamabi enpresari apalek, ordea, kemen biziz ekin zioten proiektuari. Horien artean bat nabarmendu zen, lanaren benetako enpresagizon gisara: Santos López de Letona. López de Letona-ren garrantzia bereziki azpimarratzekoa da, Euskal tradizio ekonomikoaren eredu-eredukoa delako: indianoa, Amerikan aberastutako etorkina alegia.

Panelak (kokapena)

Europara dirutza oparo batekin itzulita, Zubiaren proiektuan inbertitzea erabaki zuen, industriaren aurrerabidean zeukan sinismen itsuaren erakusgarri, etorkizunari aurrea hartzeko sen berezia agertuz.

Baltzuan diru-ekarpen handiena jartzeaz gainera, portaera bare baina zorrotza azaldu zuen, Palacio, Arnodin eta Konpainiako kideen artean piztutako kalapitak sosegatzeko. Eta ez ziren gutxi izan, ez horixe. Izan ere, Bizkaia Zubia eraikitzeko lanak poliki joan ziren, zailtasunez eta ikamikaz beterik. Hasierako proiektua ez zen konplitu, ez baldintza teknikoei dagokienez, ezta baldintza ekonomikoei eta epeei dagokienez ere.

Aski da esatea hasi, 1890ko abuztuan hasi zirela, giro ezin baikorrago batean; baina 1891n izugarri geldoa zen lanen aurrerapena, lege-arazoak, eraikitzailearen errezeloak eta bazkideen mesfidantza tarteko zirela. Halako moduz non monumentua, egin ez egin, arrisku bizian egon zen proiektua. Palacio zuzendari teknikoaren eta Arnodin kontratistaren arteko desadostasunak berehala sortu ziren. Arnodin-en gogoan enpresa-ikuspegia zegoen, eta Palacio-renean zubiak amets pertsonal bizi-bizia irudikatzen duen, etengabeko hobekuntzaz hornitua eta behin betiko planorik onartzen ez zuena.

Argazkiak, bideoak, 3D...
Transbordadore-zubiak munduan (gaztelaniaz)
Argi-jokoak
Zubia eta ingurunea (gaztelaniaz)

Halabeharrez, frantsesaren pragmatismoak talka egin zuen euskaldunaren neurriz gaineko irudimenarekin. Inbertitzaileek ez zuten ulertzen sortzailearen eta negoziatzailearen arteko dema hau, eta mesfidantzaz ikusten zuten nola ari ziren norgehiagoka. Gainera, atzerapenez atzerapen Administrazioak lanbaimena berritu ezik, haien aurrezkiek erreka joko zutela jakitun ziren, eta horren estuasuna areagotzen zien.

Lana hain zen berritzailea eta arkitektoaren burua gogotsua, non transbordadorea eraiki ahala aldatuz baitzihoan, eta aldatu ahala birsortu. Igarri zuen egituraren ahalak aisiarako baliabide bikainak eskaintzen zituela, adibidez Abrako hondartzetako udako giroan integratzeko.

Alberto de Palacio-k garai hartan proposatu zituen kafetegiak eta jatetxeak, igogailuak eta goi-pasabide bat. Ameslari bat zen

Bazkideek begi onez hartu zuten ideia, baina Arnodin-ek mesfidantzaz erantzun zuen: berarentzat hasierako proiektua "eraikin arin merke bat" zen. Palacio-k eta Arnodin-ek eskuz esku jarraitu zuten aurrera, gehienetan zalantzati eta elkarri atzerapenen erantzukizuna egotziz: batak besteari fabrikazioa oso motel zihoala leporatuz, eta besteak sendaezinezko maladie des changements (aldaketa-gaixotasuna) halako bat zuela aurpegitaruz. Baina, eragozpenak eragozpen, Bizkaia Zubia eraikitzeko lanean tematuriko gizataldeak gogor eutsi zion proiektuari, Alberto de Palacio-ren fedeaz kutsaturik eta garrantzi aparteko lan bat egiten ari zirela sinestuta. Ez zuten huts egin.

Mekano erraldoia bukatzeko falta zen azken pieza 1893ko uztailaren 15ean iritsi zen bertara: "Henri David" elikatzeko ur-punpa bat zen, Orleáns-en egina. Azkar muntatu zen dena ondoko etxe baten lehenengo solairuko arkuen gaineko plataforma batean. 24an zubia prest zegoen probatzeko. Makinak dardara egin zuen, ontzitxoa mugitzen hasi zen, kableak tenkatu eta, guztiarekin ere, metalezko hezurdura handiak zurrun eutsi zion, ez gezi ez bibrazio. Zubiak funtzionatzen zuen. Gaur egun ere bai. Gainera, itsasadarra goiko korridoretik zeharkatzeko aukera ematen dizu, itsasadarraren eta haren bokalearen ikuspegi hobezinez gozatzeko.

Geroago munduan eraiki ziren antzeko zubientzat eredua izan zen. Inguruan zubiaren datuak azaltzen dituzten panel ugari dauzka, adibidez eraikitzeko prozesua edo Espainiako Gerra Zibilaren ostean egindako konponketa. Etengabe funtzionatzen du urteko egun guztietan, 24 orduz. Gaur egun duen koloreak hematitearen, Somorrostroko zain gorriaren kolorean hartzen du inspirazioa.

*Testuak: www.euskadi.eus

BURDIN KAIA: BIZKAIAREN GARAPENA BULTZATU ZUEN OBRA

Orain, besterik gabe zubiaren ondotik igaroko gara ibilaldi honetako beste bitxi handira, Burdin Kaira (21) heltzeko. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako burgesen etxe handiez gain, ibilbidean erloju batekin topo egingo duzu. Benetan, mareen neurgailua (20) da, eta Burdin Kaia inauguratu baino soilik bi urte lehenago instalatu zuten. Obra horren funtsa, gaur egun imajinatu behar den egitate batean bilatu behar da. Kaia pasealekutik abiatzen den lekuaren parean, Portugaleteko hondartza zegoen; hain zuzen ere, muinoaren gainean sekulako etxeak ikusi ahal dira, gaur egun hotelak eta udalaren zerbitzuak barnean hartzen dituztenak.

Hondartza hori hareazko barra batek lotzen zuen aurreko itsasertzarekin. Historian, barra horrek oso zail bihurtzen zuen itsasadarraren nabigagarritasuna; Portugaleteko barra beldurgarria -naufragoen eskola izenaz ere ezagutzen zena- hareazko banku mugikorrez osatuta zegoen. Banku horiek aldian-aldian nabigatzeko trabak jartzen zituzten, eta itsasbehera zegoenean nabigazioa eragotzi ere egiten zuten (soil-soilik 1 m-ko sarkurarekin).

Mendetan hainbat aldiz dragatu eta garbitu ondoren ere, Bilboko itsasadarrerako funtsezko sarbide hori ezin izan zen erabat libre utzi burdinaren merkataritzarako sarkura nahikoa zuten itsasontzientzat. Horrek azaltzen du zergatik dauden hainbeste zama-leku itsasora begira, babesik gabe, gaur egungo portuaren kanpoaldetik ondoko Kantabriako probintzian sartzeraino.

Evaristo de Churruca
Halako batean, 1877an Evaristo de Churruca Portuko Obren Batzordeko zuzendari izendatu zuten. Garai hartan itsaso zabala aurrean zeukan azpiegitura hura eraikitzeko ez zeukan denbora edo diru gehiegi. Beraz, burdinazko kai bat eraikitzea erabaki zuen, hari-piloteen gainean zimendatuta. Geroago, amaierako berrehun metroetan hori aldatzea erabaki zuen eta fabrikako obrazko dike tradizionala eraiki zuen, hasierako zazpiehun metroetan baino zabalera eta altuera handiagoarekin. Kaiaren diseinuaren ondorioz lehendik zeuden korronteak aldatu ziren eta korronte horiexek aprobetxatu zituen, dragarik onenaren lana egin zezaten.

1887an amaitu zen obra, eta eraikuntza horrekin behin betiko konpondu egin zen Bilboko portuaren nabigagarritasunaren arazoa, laurogei metroko zabalera eta itsasbeheran gutxienez 4,58 m-ko sakonera zeukan igarobidea sortu baitzen. Hala, Europako ingeniaritza zibilaren arloan Churrucaren balioa aintzatetsi zuten. Obra horrek ezin hobeto azaltzen du "ingeniaria" hitzaren oinarri etimologikoan "ingenioa" terminoa dagoela.

Atzera itzuliko gara, Bizkaia Zubia hartzeko eta aurreko ertzera igarotzeko.

Portugalete: udako oporraldirako tokia