Bizkaiko aberastasun-iturria

Ibilbide honi esker, eremuko burdina-zainaren meatzaritza-hondakinak ezagutuko ditugu. Burdina-zain hori Europako aberatsenarena eta merkeenarena izan zen, aire zabalean ustiatzen baitzen. Oso fosforo gutxiko zaina zen, eta mineral kontzentrazio altua zuen (zenbait hematite mota. Honela esaten zitzaien: zaina –mineralaren %60-, kanpaikoa –%55- eta horixka -%53-).

Antzinarotik zuten aberastasun horren berri, eta eremuan aurkitutako erromatar hondakinak horren lekuko dira. Plinio Zaharra (I. mendea) erromatar historialariak burdinazko mendi handi bati buruz hitz egiten zuen. "Itsasoak bustitzen duen Kantabriako zatian, oso-osorik burdinazkoa den mendi altu-altu bat dago, gauza ikaragarria eta zoragarria da".

Erdi Aroan, mineral horri esker, benetako merkataritza-bide bat eratu zen, eta Europa osora burdina igortzen zen, monasterioen bidez. Merkataritza-bide horiek lagungarriak izan ziren hango burdinoletan eskuz egindako "Bizkaiko burdina" delakoaren irudia indartzeko. Materiala 1865. urtetik aurrera hasi zen garatzen material horren ustiapen intentsiboa, Britainia Handira zuzendutako esportazioak eta Bessemer bihurgailuak zirela eta. Izan ere, altzairua lortzeko kostua nabarmen jaisten zuten bihurgailu horiek. Sistema horrek fosforo gutxiko burdina behar zuen, eta Britainia Handian urria zen, baina Bizkaian ugaria. Berrikuntza teknologiko hori zela eta, atzerriko kapitalek begiz jo zituzten Trianoko mendiak. Mendi horietan, lehengai ezin hobea zegoen labe horietarako, kostu baxuak eta urte osoan aire zabalean lan egiteko aukera.

Garaiko meatze teknologi berrikuntza modernoenak erabili ziren hemen europar teknikari eta ingeniari onenen laguntzarekin

Itsasoan barneratzen den 25 km-ko zain ospetsu hori zain oparoenak agortzearekin batera hasi zen gainbehera egiten, Bilboko itsasadarraren oinean siderurgia handiak sortu baitziren, eta beste burdina batzuekiko lehia zela eta, Martín Siemens labe-sistema asmatu baitzen. Sistema horren bidez sufre kontzentrazio handiko mineralekin lan egin zitekeen. Logikoa den bezala, ustiapen horretarako eskulan intentsiboa behar izan zen. Hasiera batean, probintzia mugakideetatik gerturatu ziren langileak, eta azkenean, landa-mundu behartsutik ihesi zihoazen milaka pertsona erakarri zituen meatzaritza-jarduerak.

Funikularra erabiliz edo autoz mendatea igoz, meatze horien inguruan sortu ziren herrien eta auzoen ondoko erauzketa-eremuak ezagutzea proposatzen dizugu. Ekonomia-jarduera horrek garai hori markatu zuen, eta horrez gainera, Ozeano Atlantikoko ertzeko kokapen oparoena bihurtu zuen Bizkaia.

Atzo eta gaur
Zugaztieta (gaztelaniaz)

1. zatia_ LARREINETAKO FUNIKULARRA

1926. urtean inauguratu zuten (1), 5 urtetan obretan ibili ondoren. Trapagarango La Escontrilla auzotik Larreineta auzoraino igotzen da, eta ordu erdiro ematen du zerbitzua. Francisco Guinearen, aldundiko ingeniariaren, lana da. 2 m/s-ko abiaduran ibiltzen da, eta ibilbide osoa 10 minutu eskasetan egiten du. 1.200 metro egiten ditu, %35eko inklinazioa duen 342 m-ko aldea igotzeko. Itsasadarrean amaitzen diren haranen eta El Abra portuaren bista ederrak ikusiko dituzu handik.

Berez, meatzariak eta kamioiak eramaten zituen meatzetara, goiko eremura iristea oso zaila baitzen, lursail malkartsua zela eta. Era berean, funikular horrek berezitasun bat du, garai hartako funikularren artean nabarmentzen duena: ibilbidean, bihurgune bat hartu behar du eskuinetara, eta funikular askok ezin dute hori egin.

Beste berezitasun batzuk dira, besteak beste, bidearen zabalera, 1.200 mm-koa, eta bidaiarien kutxak desmuntagarriak izatea. Karrozeriak plataforma batzuen gainean daude, eta plataforma horiei esker, jarrera horizontalean daude. Linearen bi geltokiek zubi-garabiak dituztenez, karrozeriak erraz ken daitezke. Hala, plataforma hutsik geratzen zen, eta hala, iraganean, edozein ibilgailu mota garraia zitekeen, 9,5 T-ko gehieneko karga baldin bazuen.

Egiaz, eta Larreinetara sartzeko bideko gabeziak zirela eta, mandatarien, arrain-saltzaileen, ikazkinen kamioiek egunero erabiltzen zuten zerbitzu hori, baita ehorztetxeko autoak ere. Urtean milioi bat pertsonek baino gehiago erabiltzen zuten, eta gaur egun, kopuru hori murriztu egin da, eta horien 1/3ek baino ez du erabiltzen.

1985. urtean berritu zen linea, eta duela 15 urtera arte, estatuko luzeena izan zen. Linearen bi geltokiak Diego de Basterrak diseinatutako euskal estiloko arkitektura erregionalistaren eredu onak dira.

Larreineta, Bizkaiko meatzaritzaren historia bizia (gaztelaniaz)