4. Zatia GETXO. INDUSTRIALAREN LUXUZKO ETXEAK

3,5 km-ko ibilbidea

Areetan gaude, Getxo udalerri handia osatzen duten bost auzoetako batean. Auzo bakoitzaren gizarte-fisonomia oso diferentea da, baina Espainian maila ekonomikorik handiena duten auzoetako bi dauzka barnean; auzo hau, Areeta, eta oso bereziki ondoko Neguri auzoa (euskaraz neguko hiria). Bertan jauregitxoen eta luxuzko etxeen dentsitate handia biltzen da. Hemen biltzen ziren Bizkaiko enpresabururik behinenak, baina gaur egun, familia berak etengabe okupatu duen etxe bakarra dago.

Panelak (kokapena)

Lehenago Burdin Kaiari buruz aritu garenean komentatu denez, Areeta izenak beren beregi hareatzen, paduren eta ibarren multzoaren aipamena egiten du. Multzo hori konta ezin ahala errekek zeharkatzen zuten, eta hala, ezinezkoa zen gizakiak bertan bizitzea. Hain zuzen ere, 1860an 36 biztanle soilik zeuzkan, inguruko muinoen oinarrietan bilduta.

Urte hartatik aurrera itsas pinuak, oteak eta beste landare batzuk landatu zituzten, lurrak finkatu eta haiei eusteko asmoz. 1868an lehenengo bainuetxea eraiki zuten, eta bide horretatik hasi ziren etxeak eraikitzen, lehenengoz udarako etxeak eta gerora luxuzko etxe egonkorrak goi burgesiarentzat eta industrialarien oligarkiarentzat.

Hain zuzen ere, itsasadarraren ertzetik hondartzaraino jotzen baduzu eta itsas pasealeku osoa zeharkatzen baduzu (1,8 km), tankera ingeles nahasezina duten etxeak ikusi ahal izango dituzu.

Etxebizitza horien sarrera nagusiak Zugazarte izeneko kale paraleloan daude. Beraz, itsas pasealekua uztea eta horren ordez barruko kale horren ibilbidea hartzea gomendatzen dizugu, etxe horien fatxada nagusiak eta itsasora begira ez dauden beste etxe batzuk ikusteko.

Eraikinen, estiloen, antolaeren segida, baita jabeen jatorriaren eta arkitektoen ezaugarrien segida ere, hiru hizkuntzatan dauden 29 paneletan azaltzen da zehatz-mehatz, bai pasealeku horretan, bai perpendikularrean Arriluzeko muinoan dagoen eta Ereaga hondartzaraino heltzen den pasealekuan. Bisita egiten duzun unean panel horietako bat hondatuta badago, erantsitako liburuxka kontsultatu ahal duzu. Monumentu Multzo hori 2011n Kultur Ondasun gisa aintzatetsi zuten.

Luxuzko etxeak ondoz ondoren: ezinbesteko gida

Ibilaldiaren zati hori hasi aurretik, kontuan hartu behar da luxuzko etxe horietako asko bertan behera utzi zituztela 70eko eta 80ko hamarkadetan han bizi ziren familia askok. Horren arrazoia inguruabarren segida hau izan daiteke: haien jabetzako enpresak ixtea, eraikin handi horiek mantentzeko gehiegizko kostua eta bertan bizi zen eliteari hamarkadaz hamarkada presio jasanezina jarri zion terrorismoa. ETAk euskal enpresaburuen klasea nola jazarri zuen ikusteko adibide gisa, enpresaburu horien klub sozialik ezagunena jarri ahal dugu: Abrako Itsas Kluba (22), 1973 eta 2008 bitartean hiru atentatu jasan zituena. Eraikina hainbat bizitegi-eraikinen artean dago, eta haren atzealdea Areetako hondartza txikitik igaro eta berehala ikusi ahal duzu.

Cisco (23)

Zona hori lehengoratzeari dagokionez, halaber, loraldi horretan eragina izan duten hainbat faktore hartu behar dira kontuan: enpresen egoitza sozial gisa okupatzea, ostalaritza-jardueretara bideratzea, eraikinen barrualdeak hainbat etxebizitzatan banatzea…

Pasealeku horretan zein Arrigunagako muinoan Estatuko industrialari eta finantzaririk ospetsuenen familiak biltzen ziren: Ybarra, Lezama-Leguizamon, Zabalburu, Aresti, Delclaux, De la Sota, Lipperheide, Zubiria, Arana... haien posizio ekonomikoaren eta gizarte-oihartzunaren erakusgarri, garai hartako arkitektorik famatuenak kontratatu zituzten: Achúcarro, Bastida, Iturria, Garamendi, Amann… Haien guztien artean nabarmentzen da Manuel Mª de Smith anglofiloa, bere obren kopuru, aniztasun eta originaltasunarengatik.

Pasealekuaren zati honek, itsasoaren aurrean Arriluzeko Markesaren Pasealeku (24) perpendikularretik jarraitzen du, izen bera duen muinoaren pean.

Ibiltarte hau Arrigunagako muinoaren muturrean amaitzen da, Punta Begoñako galeriak 1920ko itsasargiaren aurrean zabaltzen diren tokian. Antzina naufragoen salbamendurako estazio izandako itsasargi hori gaur egun Itsasoko Gurutze Gorriak okupatzen du.

Eta ibilbidea Ereagako hondartzarantz zabaltzen da. Erdialdean Igeretxeko bainuetxe (25) izandakoa dago. Gaur egungo eraikina 1913an eraiki zuten, eta hormigoi armatuz egindako lehenengoetariko bat da. Kanpoaldeko egitura entokatuta eta pintatuta dago, eta apaindura, antzina eredu euskaltzaleekin egiten zena (alegiazko egurrezko saretoak, puntu erdiko arkudun portalea harlanduxko lodiz egina, su-hesiak...), gutxienera sinplifikatuta dago.

Ereagako hondartza

Bilbora itzultzeko, bi metro geltoki dauzkazu:

  1. Neguri: Igeretxeren aurrean dagoen aldapa txikitik igotzen. Aukera egokia da txalet eta luxuzko etxeekin topo egiten jarraitzeko. Azkenean metroaren plazara helduko zara, eta Ingalaterrako edozein plaza etorriko zaizu gogora.
  2. Algorta: Ibilaldi horretatik jarraitu Igeretxetik 300 m aurrerago dagoen plano inklinatuko igogailuraino; gora heldutakoan, geltokia 800 m metrora dago gutxi gorabehera. Beste aukera bat da pasealekuaren albo batetik jarraitzea eta Algortako Portu Zahar (26) bitxiraino heltzea; auzo horretako eskailera eta aldapa bizietan gora jotzen baduzu metro geltokitik oso hurbilera helduko zara.
Itzuli