Larreinetatik Zugaztietara 1 km-ko pasealekua dago. Belardien eta antzinako meatze-mozketetan maila freatikoa igotzeagatik eratu ziren egungo aintzirak ditu ertzean pasealekuak. Aintzira horiek oso izen bitxiak dituzte, hala nola "Matamoros", "Las Cármenes", "El Negro", "Elvira", "La Parcocha", "Los Alemanes", "La Mamen", "Cantera Macho" eta "El Ostión".
Hain zuzen ere, azken horrek bidearen ezkerrera dagoen eremu handi hori betetzen zuen (2). Txikitutako paisaia nabarmen berreskuratu da ingurumenaren ikuspuntutik. Ibilbide adierazgarri eta atsegin batean antzinako instalazioen hondakinak daude, zuhaitzak berriz sartu dira eta landarediak erauzketa-aurrealdeak estali ditu.
Konbinazio ederra eta harmoniatsua eratzen dute minerala erauzteagatik agerian geratu den harriaren matrizeak eta harrietara sustraien bidez itsasten diren zuhaitzek eta zuhaixkek.
Laburbilduz, kultura-paisaia bat dugu aurrean, eta bertan, ingurumen-kalitate handi batean txertatutako erauzketa-azpiegituren hondakin ugariak eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabat berezia den biodibertsitatea nahasten dira.
Eremu honetan, ehunka ustiapen egon ziren (1890. urtean 292 zeuden), tamaina guztietakoak, eta hasiera batean tokiko eta atzerriko enpresaburuek jarritako kapital mistoen bidez eratutakoak izan ziren garrantzitsuenak: "The Orconera Iron Ore Cº Ltd.", "The Bilbao River and Cantabrian Railway Cº Ltd.", "Luchana Mining Cº Ltd.", "Société Franco-Belge des mines de Somorrostro", "J.B. Rochelt"... "Burdinaren Kalifornia" izenez ezaguna izan arte.
1950eko hamarkadan, zainak ia-ia agortuta zeuden, eta 1963. urtean, burdin mearen esportazioa eten egin zen. 1986. urtean itxi zen lurralde hauetako azken ustiategia.
Zugaztieta (3) 1877. urtean sortu zen, Iberiar penintsulako txoko guztietatik etorri ziren langileei meatzeen behealdean aterpe emateko. Gaur egun, oraindik, kokapen horretan zer-nolako gizarte-baldintzak zeuden ikus daiteke, etxeen, kaleen, paisaiaren eta abarren bidez. Meatzaritza-bizitzaren multzorik adierazgarriena da, eta ospe handieneko garaian, "El Dorado" ezizenez ezaguna izan zen.
Garai gogorrak izan ziren, hiritarrek egoera neketsutan lan egin behar izan zuten, barrakoietan edo etxe ñimiñotan bizi ziren, eta gaixotasunak eta heriotzak egunero suertatzen ziren; hala izanik, XIX mendearen amaieran hemen jaiotakoentzako bizi-itxaropena ez zen 20 urtetik gorakoa.
Bizi-kalitatea ezin txarragoa zenez eta lan-baldintzak are okerragoak zirenez, mugimendu sindikal eta politiko anarkista, sozialista eta komunista sortu ziren, jatorri katolikoko sindikatuekin batera, eta hala, Bizkaiko langile-mugimenduaren sorterri bihurtu zen.
Jacques Valdour sindikalista katolikoak honela hitz egiten zuen Zugaztietari buruz: "etxe txiki zikinez, ilunez, osatutako herrixka bat da. Denbora gutxian eraiki zituzten zura edo adreilua erabiliz, edo adobez, hain arina, ezen batzuetan iparraldeko fatxada tantaiz babestu behar baitzen. Kalezulo zikinek ostatu eskas, deseroso, ospel eta gaizki kontserbatuak bereizten dituzte"
Zugaztietatik atera ziren Bizkaiko burgesiaren artean ikara sortu zuten lehen langile-grebak, luzeak bezain odoltsuak. Kokapenak Galeseko herri baten itxura handiagoa du eremuko ingurune tradizionalena baino. Kontserbatu diren etxebizitzen artean, zurezko estalduradun etxebizitzak nabarmentzen dira. Etxebizitza horiek karburo-kriseiluz argitzen ziren barrakoiak ordezkatu zituzten. Barrakoi horiek ohatzez beteta zeuden, eta meatzariek "ohe beroak" sisteman egiten zuten lo.
Izan ere, barrakoiak desagertzea izan zen langileen aldarrikapen nagusienetako bat 1890eko eta 1903ko greba handietan. 1911. urterako, eraikuntza gehienak jada harrizkoak ziren, eta 3.000 lagun inguru bizi ziren auzune nabar bat eratzen zuten. 1913. urtean, Jacques Valdour sindikalista katolikoak honela hitz egiten zuen Zugaztietari buruz: "etxe txiki zikinez, ilunez, osatutako herrixka bat da. Denbora gutxian eraiki zituzten zura edo adreilua erabiliz, edo adobez, hain arina, ezen batzuetan iparraldeko fatxada tantaiz babestu behar baitzen. Kalezulo zikinek ostatu eskas, deseroso, ospel eta gaizki kontserbatuak bereizten dituzte".
Geroago, zenbait ekipamendu gehituz joan ziren, eta horri esker, auzoa ondo integratu eta indartu zen. Besteak beste, ospitalea, eskolak, babes-etxea, umezurztegia, ekonomatoa, langile katolikoen elkartea, herriaren etxea (sozialisten egoitza), Guardia Zibilaren kuartela, zinematografoa eta parrokia-eliza, San Salbatore izena zuena.
Hiri-ehunak kaleen sare-formako eskema bat eratuz joan zen erdiko plaza baten inguruan. Plaza horrek multzoa antolatzen du, eta han kokatu ziren ekipamenduak, hala nola parrokia eliza, musika-kioskoa eta sindikatuen egoitzak.
Zugaztietan, gastronomiaren aldetik, bisitatzeko moduko tokia da, jatetxeak direla eta. Jatetxeetan, babarrun-jana da eremuko espezialitatea. Nahiz eta erakargarritasun hori izan, gaur egun 16 establezimendu geratzen dira, garai batean izan zituen 24 tabernatatik.
Hemendik hasita, ibilbidea luza daiteke, herriaren gainaldetik Peñas Negras Interpretazio Zentroraino (2 km inguru).Zentroan, meatzaritzako aztarnak nahiz eremuko natura-inguruneari buruzko azalpenak aurkituko dituzu. Denbora hori ez baduzu, proposatutako ibilbideari jarraitzea gomendatzen dizugu.
Errepide berri baten espaloietatik Gallartara daraman ibilbidea egin dezakezu. 6 km-tan, aireko tranbien, indusketa-makinen, galeriak aireztatzeko putzuen, barrakoien, labeen... hondakinak ikus daitezke.